Zaragozako Cristina Ballestín Cucalak eta Miguel Vergara Munuerak gaur Iruñean jokatutako IV Muuuuus Txapelketaren finala irabazi dute. Kukuxumusuk, Heraclio Fournierrek eta Zocok antolatu txapelketa honek 1.500 bikote baino gehiago bildu ditu azkeneko hilabeteotan.
Ballestín (32 urte) eta Vergara (31 urte) Zaragozako onenak izan ziren aurretik, eta gaur berriz ere mus jokoan duten maisutasuna erakutsi dute Madril, Bartzelona, Valentzia, Sevilla, Toledo, Bilbo, Valladolid edo Salamanca hirietatik etorritako bikoteak garaitu ondoren, era honetan txapeldunentzat gorderik dagoen Las Vegasera bidaia irabaziz. Parte hartu duten bikote guztiek azken faserako txartela lortua zuten aurreko faseetan beren hirietan garaile gertatu ondoren, azken hilabeteetan 1.535 bikote bildu dituen lehiaketan.
Txapelketaren azken fasea gaur erabaki da, egun osoan zehar nafar hiriburuko Maisonnave hoteleko "San Cernin" aretoan. Hamasei bikoteak, lau taldetan banaturik, egunaren lehen orduetatik izan dira lehian final handian postu bat lortze aldera. Azkenean Zaragozako eta Baionako ordezkariei egokitu zaie finalista izatea, beren taldeetako garaile izanagatik. Partida erabakigarrian aragoiarrek Regis Lavie eta Rodolphe Bidart iparraldetarrak gainditu dituzte 4-3ko emaitza estuarekin.
Azken partida erabakigarriaren ondoren garaikurrak banatu dira, eta bertan lehiaketa antolatu duten hiru enpresen ordezkariak izan dira: Kukuxumusu kamiseta markarena, Zoco Pacharán Navarrorena eta Heraclio Fournierrena, espainiar karta joko tradizionala egin eta banatzen duen Gasteizko enpresa. Hain zuzen ere lehiaketa iazko sormen lan historikoaren harira gauzatu da. Hartan karta jokoaren lehen adaptazio bat egin zen, Kukuxumusuren diseinu bat zeinekin partida guztiak jokatu diren. |